domingo, 6 de mayo de 2012

Irakasle bikaina


Zein da irakasle bikaina izateko estrategia? Edo estrategiarik ba al da? Izaera konkretu bat eduki behar al da? Edo izaera desberdinek haurraren heziketa aberasten dute? Irakasle bikainik ba al da? Edo irakasle on eta txarrak izaten ikasten da? Irakaslea al da protagonista? Edo ikaslea da protagonista bakarra?


Galdera hauek planteatu ondoren, erantzun bat bilatzea beharrezkoa da, erantzun erabat argia ez bada ere, horren inguruan hausnartzea behintzat. Egia esan ez dut uste, irakasle bikaina izateko estrategiarik dagoen, agian gauza bat egitean, irakasle hobeagoa izateko aukera duzu, baina ez dyu uste formula sekreturik jakin behar denik. Irakasle bakoitzak bere metodo eta lan egiteko moduak ditu, eta modu horiek ikasle batzuei beste batzuei baino hobekiagoak irudituko zaizkie. Baina azken finean kontua ez da irakasteko modua, haurrak gustura eta motibaturik ikastea baizik. Hau erraz esaten den arren, ez da batere lan erraza, ikasle guztiak desberdinak direnez, denak gustura egotea zail samarra delako, baina horixe da lan honen gakoa, denak gustura sentitzeko bidea bilatzea.

Izaerari dagokionean, ez dut uste, irakasle izateak, izaera konkretu bat eskatzen duenik, baina bai, izaera batzuk ez datozela bat lan honekin, edo agian moldatu beharrekoak direla. Nire ustetan, espresatzeko modu egoki bat edukitzea funtsezkoa da irakasle izateko garaian, eta baita hizkuntza ere, izan ere, hizkuntzaren bidezko transmisioa baita gure heziketan ematen dena, beraz, bi faktore hauek oso garrantzitsuak direla azpimarratu nahi nuke. Honela, irakasle ona izateko, gaiak azaltzeko garaian, ondo espresatzen edo azalpen egokiak ematen jakitea funtsezkoa dela uste dut, baita horretarako hizkuntza aberats eta egokia erabiltzea ere, hizkuntza ulertzeko bidea izateaz gain, ikasleek guk hitz egiteko moduarengatik ikasiko dutelako.

Protagonismoa ere aipatu beharreko puntua dela iruditzen zait, izan ere, dudarik gabe, ikasgelako protagonista bakarrak ikasleak izan behar dute, beraiek baitira heziketa jasotzeaz gain, hezteko bidean daudenak. Haurra protagonista sentitzea beharrezkoa da, honela motibatuago egongo delako eta egin beharreko ekintzak ere gusturago egingo dituelako. Baina nola eman protagonismoa hau ikasleei? Ariketak egiteko garaian, beraiei galdetzea ondo legoke, honela beraiek izango direlako, ariketa osoa burutuko dutenak, eta irakasleak beti laguntzaile lana egingo duen arren, ez da inoiz protagonista izango. Honela, ikasleak beren kabuz ere gauzak egiteko joera hartuko dute. Ekintzak egiteko garaian irudimena lantzea ere oso garrantzitsua iruditzen zait, protagonista izateko bide horretan, beren garapena garatzeko bide ezin hobea delako, beren ideiak argituz, sormena zabalduz, ideia berriak sortuz…

Amaitzeko beraz, esan irakasle ona izateko, ikaslea protagonista sentiaraztea funtsezkoa dela, bere heziketan gustura sentiaraziko diolako eta eman beharreko pausuak egiteko indar gehiago izango duelako.

No hay comentarios:

Publicar un comentario